XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Begiak egin ondoren, mugitzen hasi zitzaizkion eta adi-adi begiratzen ziotela ikusi zuenean, konturatu zaitezte zein harriturik geratuko zen.

Geppettori, zurezko bi begi haien begirada ez zitzaion batere gozoa iruditu, eta haserreturik esan zuen: - Zergatik begiratzen nauzue zurezko begi handiok? Inork ez zuen erantzun.

Orduan, begien ondoren, sudurra egin zion; baina sudurra egitez amaitu ondoren, luzatzen hasi zitzaion; eta luzatu eta luzatu, minutu gutxitan, inoiz bukatzen ez zen sudurtzar batetan bilakatu zen.

Geppetto gizajoa mozten ahalegintzen zen baina zenbat eta gehiago moztu, orduan eta gehiago luzatzen zitzaion sudur desegoki hura.

Sudurraren ondoren ahoa egin zion.

Ahoa oraindik bukatzeke zeukala, iseka bizian hasi zitzaion.

- Aski da, utz iezaiozu barre egiteari!- esan zion Geppettok arrunt * arrunt:erabat mindurik; baina harriari hitzegitea bezalaxe izan zen.

- Berriro diotsut, utz iezaiozu barre egiteari!- oihu egin zion mehatxatuz.

Orduan ahoak barre egiteari utzi zion, baina mihia atera zion.